20081226

Eskerrik asko!!

Web orrian diodana hemen ere errepikatuz, ezin ditut hunkipenik zinezkoenez eskertu gabe utzi aipatu kontu zenbakira ‘borondatea’ sartu duten lagun eta erakundeak. Izendunak pertsonalki eskertzea nire lan atseginetariko bat izango da. Anonimatua nahiago izan duzuenok, edo izenak ezagun egiten ez zaizkidanak, jakizue zuen emaria berdin erakutsi pertsonaltzat hartzen dudala. Bai batzuak, bai besteak, zaudete ziur adore eta bultzada handia ematen didazuela, abiatua naizen proiektu agian erraldoiegi honetan jarraitzeko. Eta mesedez! Ezinagatik, edo beste lehentasun ekomiko batzuengatik, ez beza inork kezkarik ez inolako abusu-kontzientziarik izan, liburu hau doan eta nahi bezain libreki ustiatzeko eta zabaltzeko. Borondate ekonomikoa baino gutxiago ez dut eskertzen 'eman da zabal zazu' lemak dioena betetzen laguntzea.

20081217

Kaixo, lagunok, edo...

Kaixo, lagunok, edo, nahiago baduzue, leihakideok:

Mundu aurreratuegian menturatua izango naiz, beharbada, neu erdi jurasikoa izanik. Web orria eta bloga abiarazteko laguntza eskatu nuen (eskerrik asko, Durangoko Datavi), gauza batzuk (ez asko) ikasi ditut, eta azkenekoa (gaur bertan) izan da, norbaitek blog honetan idazteko kapritxorik balu, lehenik, neuk idatzi behar dudala zerbait. Hemen duzue, ba, 'zerbait' esentzial hori, eta orain segi nahi duenak akzidenteak eransten. 'Akzidenteena' ez har gutxiespentzat, aspaldi ikasi bainuen esentzia ikustezinak (seguruenik, inexistenteak ) saihestu eta akzidente maitagarriekin gozatzen. Eskerrik asko zuen bisitengatik.

Xabier Amuriza