20090114

Nire blogaren helburua

Kaixo, bisitari posibleok:

Lagun batek iradoki dit nire bloga neuk 'bazkatu' behar dudala. Hots, neuk eman behar diodala jana eta bizibidea, bisitariak elkarrizketa posiblean sar daitezen. Argitu nahi nuke nire helburua ez zela blog bat abiaraztea, neure mezuak edo eztabaida posibleak zabaltzeko. Helburu bakarra liburua argitaratzea zen. Kontsultatu nuen, eta bloga aholkatu zidaten. Bisitarien interbentzio gabeko bloga ere egin ei zitekeen. Posibilitatea uztea erabaki nuen, norbaitek liburuari buruz edo beste zerbaiti buruz, zerbait idatzi nahi bazuen. Liburuari edo neuri buruzko zerbait oso jakina planteatuko balitz, beharbada, erantzungo nuke, "labur eta azkar". Bestela, ez naiz eztabaidan sartuko. Sentitzen dut blog normal bat itxaroten zenutenok apur bat, beharbada, zapuztea, baina nire lana hirugarren liburua lehenbailehen zuen esku jartzea da, eta gero, laugarrena, eta bosgarrena, eta... osasunak eta argitasunak laguntzen didaten arte. Zuen arreta berriz ere bihotzez eskerturik, honetan agurtzen zaituztet.

20081226

Eskerrik asko!!

Web orrian diodana hemen ere errepikatuz, ezin ditut hunkipenik zinezkoenez eskertu gabe utzi aipatu kontu zenbakira ‘borondatea’ sartu duten lagun eta erakundeak. Izendunak pertsonalki eskertzea nire lan atseginetariko bat izango da. Anonimatua nahiago izan duzuenok, edo izenak ezagun egiten ez zaizkidanak, jakizue zuen emaria berdin erakutsi pertsonaltzat hartzen dudala. Bai batzuak, bai besteak, zaudete ziur adore eta bultzada handia ematen didazuela, abiatua naizen proiektu agian erraldoiegi honetan jarraitzeko. Eta mesedez! Ezinagatik, edo beste lehentasun ekomiko batzuengatik, ez beza inork kezkarik ez inolako abusu-kontzientziarik izan, liburu hau doan eta nahi bezain libreki ustiatzeko eta zabaltzeko. Borondate ekonomikoa baino gutxiago ez dut eskertzen 'eman da zabal zazu' lemak dioena betetzen laguntzea.

20081217

Kaixo, lagunok, edo...

Kaixo, lagunok, edo, nahiago baduzue, leihakideok:

Mundu aurreratuegian menturatua izango naiz, beharbada, neu erdi jurasikoa izanik. Web orria eta bloga abiarazteko laguntza eskatu nuen (eskerrik asko, Durangoko Datavi), gauza batzuk (ez asko) ikasi ditut, eta azkenekoa (gaur bertan) izan da, norbaitek blog honetan idazteko kapritxorik balu, lehenik, neuk idatzi behar dudala zerbait. Hemen duzue, ba, 'zerbait' esentzial hori, eta orain segi nahi duenak akzidenteak eransten. 'Akzidenteena' ez har gutxiespentzat, aspaldi ikasi bainuen esentzia ikustezinak (seguruenik, inexistenteak ) saihestu eta akzidente maitagarriekin gozatzen. Eskerrik asko zuen bisitengatik.

Xabier Amuriza